1 de febr. 2006

2005ko ZALDIKO MALDIKO SARIAK

2005KO ZALDIKO MALDIKOREN SARIAK Ohi bezala, Iruñeko Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteko bazkideek 2005. urteari dagozkion sariak nori eman hautatu dute. Sari hauek, Zaldiko Maldiko saria -Lamien Urrezko Orrazia alegia- eta Asto Masto saria –Gorotz Joarea-, euskararen aldeko edo aurkako lanean nabarmendu diren talde/erakunde edo norbanakoei ematen zaizkie. 2005. urteko Lamien Urrezko Orrazia Patxi Larraintzar eskolako gurasoentzat izan da beren haurren euskarazko irakaskuntzaren eskubidearen defentsa duina eta jarraitua egiteagatik, lehen D eredua lortzeko egin zuten gisa berean , gaur egun, eredu honen hazkundea auzoan dela eta, beste auzo eta herri askotan bezala, beren haurrentzako eskola berria aldarrikatu dute eta honen ordez klaseak barrakoi batzuetan eman behar izaten dituzte, honela beste ereduko haurren aldean agrabio handia pairatuz, izan ere auzoan bertan beste ereduko eskoletan tokia sobera eta gela hutsak bai baitira.. Gisa berean auzoan bertan gaztelera-ingelesako haurtzaindegi bat sortu zuen Udalak, euskarako haurtzaindegia egitearen eskaerari muzin eginez. Egoera honen aurrean, Patxi Larraintzar eskolako gurasoek, beste zentro askotakoek bezala, salaketa kanpaina luzea egin dute beren haurren eskubidea, euskara ikasi ahal izateko baldintza egoki eta duinetan aldarrikatzeko, Nafarroako Gobernuaren euskararekiko politika agerian utziz. Zaldiko Maldiko kultur elkarteak uste du momentu egokia dela Patxi Larraintzar eskolako Gurasoen Elkarteak euskaraz baldintza duinetan ikasteko egindako lana eskertzeko eta bide berean jarrai dezaten laguntzeko eta, horrenbestez, 2005. urteko Lamien Urrezko Orrazia emateko. Gorotz Joarea edo Asto-Masto Saria, berriz, El Corte Ingles izeneko merkatal guneari eman zaio. Orain bi hilabete pasatxo ireki dituzte beren ateak almazen hauek publizitate kanpaina handi batez lagunduta. Kanpaina honen abiapuntuetako bat hauxe izan da; “jada zure zerbitzura, Iruñeko El Corte Ingles”, guzti hori gazteleraz soilik jakina. Irekiera kanpaina honetan autobusetako markesinak, telebista, prentsa eta irratietako iragarkiak, gure etxeetara ailegaturiko foiletoak, den dena gazteleraz izan da. Almazenetan ere euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Sarreretako panel batean zerbait kanpoko beste hizkuntzekin batera, eta gero, eraikinaren 10 solairuetan, sail eta azpisaileko errotuluetan, eskeintzen karteletan, produktuen karteletan, megafoniaren iragarkietan den dena gaztelaniaz. Euskaraz atendituak izateko aukera ere ez zaigu eskeintzen euskaldunoi, gerta daiteke, kasualitatez langile euskaldunen batekin topo egitea, baina ez dira bezero euskaldunekiko harremanak kontuan hartu,. Nahiz eta hasierako publizitatean “Nafarroa osorako topagunea” eskeintzen ziguten, Iruñeko El Corte Inglesa, Valladoliden, Teruelen edo Salamancan egon berdin berdin. Beraz esan dezakegu, EL CORTE INGLES EZ DAGOELA EUSKALDUNON ZERBITZURA, Nafarroako hizkuntza berezkoa den euskarari uko egiten diola, eta euskaldunon Hizkuntz eskubideak, bere bezeria izan daitekeen euskaldungoarena, ez duela errespetatzen. Horregatik guztiagatik, Iruñeko El Corte Inglesari 2005. urteko Asto Masto Saria ongi merezia duela uste dute Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteko kideek. Sari hauek emateko ekitaldia hemendik aste batzuetara eginen da gure elkartean. Aldez aurretik jakinaraziko zaizue.